Ongi etorri
nire unibertso txikira

Miriam Otamendi naiz,
OM Arkitektura estudioaren sortzailea.

Arkitekturarekiko zaletasuna ume-umetan piztu zitzaidan.
Egur zatiekin eraikinak sortzen eta espazioak imajinatzen pasatzen nituen orduak.
Seguraski momentu hartan hasi nintzen arkitektura sentitzen, bizitzen.
Arkitektura orekatua, sentikorra, funtzionala eta atenporala
·
Arkitektura ikasketak gauzatu ondoren, zaharberritze eta birgaitze lanetan aritzeko parada izan nuen; honek, diziplina honekiko maitasuna eta arkitekturarekiko errespetua areagotu zizkidan.


2015ean bakarkako ibilbidea hasi nuenetik, proiektu eta bezero bakoitzarekin izan dudan hartu-emanari esker, nire lanak nortasun propio bat hartu duela esan genezake.
Izan ere, sortzen ditudan espazioek amankomunean dituzten eta niretzat garrantzitsuak diren lau balio biltzen dituzte: espazio orekatu, sentikor, funtzional eta atenporalak dira.
Niretzat, arkitektura egunerokotasunean bizitzeko norberaren beharretara egokituta egon behar da eta, aldi berean, bizitzan zehar ematen diren aldaketei erantzun bat emateko prestatua.

Espazio hauetara sartzean lasaitasuna, erosotasuna eta goxotasuna sentiaraztea bilatzen dut, material, ehundura, forma eta koloreen arteko orekaren bidez.

Iragana eta oraina,
inspirazio iturri
·
Basoak, zelaiak, baserriak, kaleak, hiriak, bidaiak,
bizipenak, esperientziak, sentsazioak… denak dira
inspirazio iturri amaigabe.
Inguruan duguna begiratzea gustatzen zait, xehetasunak mirestea.
Honela, gertuko arkitektura oinarri moduan hartu eta bigarren irakurketa bat egiten saiatzen naiz, jatorria balioan jartzen duten irtenbide gaurkotuak proposatuz.


“To create, one must first question everything”
EILEEN GRAY
Ziurrenik naturaz inguratutako herri txiki batean bizitzeak ere bere eragina du nire proiektuetarako aukeratzen ditudan material edota koloreetan. Baina baita miresten ditudan diseinu eta arkitekto garaikideen lanek ere.

Elementu naturalen eta lerro garbien arteko
orekan aurkitzen dut edertasuna
